Basque Health Clusterrek BioSpain 2025ean parte hartu du, BIOEF, Miramoon Pharma, Golden Gait Biotech, TAD The Art of Discovery, Innoprot, HAWK Biosystems, Ubikare eta Biocomputing enpresekin batera, Eusko Jaurlaritza eta SPRI Taldearen babespean. Delegazio honek Euskadiko biozientzia eta osasun ekosistemaren indarra erakusten du.

Hiru egunetan zehar, Euskadi Basque Country Innovation Land standean egindako presentziak lankidetza-gaitasuna, berrikuntzarekiko konpromisoa eta nazioarteko posizionamendu gero eta handiagoa nabarmendu ditu.

Astelehenean, azokaren bezperan, networking-afaria egin zen, eta euskal enpresek lehen harreman estrategikoak estutzeko aukera izan zuten, marka bakarraren pean batasuna indartuz.

Lehen bi egunetan, parte-hartzaileek partnering bilerak, harreman komertzialak eta euren soluzioen aurkezpenak egin zituzten, Euskadi Europako osasun-berrikuntzaren polo nagusietako bat dela sendotuz.

Urriaren 8an, Basque Health Clusterrek “Biotech Made in Euskadi: Collaborative Science for Global Health” mahai-ingurua antolatu zuen, Idoia Muñoz Lizan klusterreko zuzendari nagusiak moderatua.

Bertan parte hartu zuten euskal ekosistemako enpresen eta eragileen ordezkariek: Iñaki Guitierrez-Ibarluzea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria; Ivan Macia, Vicomtech-eko Osasun Digitaleko eta Teknologia Biomedikoetako zuzendaria; Aritz Leonardo Liceranzu, BioComputing-eko sortzailea; Jascha Blobel, Golden Gait Biotech-eko CEO; Iñigo Angulo-Barturen, TAD – The Art of Discovery-ko zuzendaria; eta Iván Arriola Aldamiz, Tekniker-eko Osasun Sektoreko arduraduna.

Saioak Euskadiren gaitasun zientifiko eta teknologikoa nabarmendu zuen, eta nola lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa den maila globalean lehiatzeko.

Azoka une historiko batekin itxi da: Euskadik hartuko du BioSpain 2026, irailaren 29tik urriaren 1era BEC – Bilbao Exhibition Centre-n ospatuko dena.

Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordea den Jaione Ganzaráinek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lehiakortasun eta Kanpo Sustapeneko zuzendari Cristina Múgicak jaso dute hurrengo edizioaren antolaketa lekukoa, Ion Arocena Asebioko zuzendari nagusia eta Silvia Labé Biocat-eko Marketin, Komunikazio eta Adimen Lehiakorreko zuzendaria

Sailburuordeak honakoa nabarmendu du:

“Plazer eta ohore bat da azoka hau datorren urtean Euskadin hartzea. Gure konpromisoa biozientziekin erabat lerrokatuta dago Europako berrindustrializazioaren eta osasunaren burujabetza teknologikoaren apustuarekin.”

Ekitaldian, besteak beste,  Silvia Labé (Biocat), Ion Arocena (ASEBIO), Idoia Muñoz (Basque Health Cluster), Cristina Oyón (Grupo SPRI) eta euskal enpresak egon dira.

Euskadi 2026ren potentziala iragartzen duen edizioa

34 herrialde, 2.300 parte-hartzaile, 1.100 erakunde, 250 erakusketari eta 8.600 bilera baino gehiago… Horiek dira BioSpain 2025eko datuak.

Euskadiren parte-hartzea Basque Health Clusterrek eta hari lotutako erakundeek nazioartekotzearekin, negozioa sortzearekin eta aliantza estrategikoak eraikitzearekin duten konpromisoaren erakusle izan da.

Egun hauetan bizitakoa Euskadik BioSpain 2026ren anfitrioi gisa munduari erakutsiko dion potentzialaren aurrerapen bat baino ez da izan, non euskal ekosistema biosanitarioko enpresen, ikerketa zentroen eta eragileen ordezkaritza are handiagoa espero den.

Bilbon ikusiko dugu elkar BioSpain 2026an!