BHC Eguna 2026k enpresak, eragile zientifiko-teknologikoak, erakundeak eta profesionalak elkartu ditu Euskadiko bioosasunaren etorkizunari buruz hausnartzeko.
Donostia, 2026 ekainak 11. Basque Health Clusterrek gaur ospatu du BHC Egunaren edizio berri bat, Euskadiko biozientzien eta osasunaren sektoreko urteko topagune nagusia. Bertan, enpresak, zentro teknologikoak, osasun-erakundeak, unibertsitateak, instituzioak eta euskal osasun-ekosistemako profesionalak bildu dira.
Jardunaldiak sektorearen etorkizuna markatuko duten erronka eta aukera nagusiak aztertzeko balio izan du, berrikuntza, lankidetza, lehiakortasuna eta Euskadik bioosasunaren arloan duen nazioarteko posizionamendua ardatz hartuta.
Topaketa Basque Health Clusterren Batzar Nagusiarekin hasi da. Bazkide diren erakundeentzako gune esklusibo horretan, 2025eko balantzea egin da eta Basque Health Clusterren Zuzendaritza Batzordea berritu da.
Saioan zehar, Clusterraren hazkundea eta sendotzea nabarmendu dira, sektoreko lankidetza, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzen dituen eragile gisa duen eginkizuna indartzen jarraitzen baitu.
Lankidetza, abantaila lehiakor gisa
Irekiera instituzionalean parte hartu dute Idoia Muñozek, Basque Health Clusterren zuzendari nagusiak; Asier Albizuk, Clusterraren presidente eta Biolaneko CEOak; eta Aritz Uriarte Fuertesek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Administrazio eta Finantzaketako sailburuordeak.
Bere hitzaldian, Idoia Muñozek euskal bioosasun-ekosistemaren bilakaera eta klusterren papera nabarmendu ditu, enpresen lehiakortasuna indartzeko tresna giltzarri gisa.
Muñozek adierazi duenez, “lehiakortasuna ez da irabazleak aukeratuz eraikitzen, ekosistemak indartuz baizik”, eta defendatu du gaur egungo erronkek -autonomia estrategikoa, subiranotasun teknologikoa, talentuaren erakartzea edo merkatuetarako sarbidea- “lankidetza, aliantzak eta adimen kolektiboa” eskatzen dituztela.
Halaber, azpimarratu du bioosasunaren sektorea jada errealitate ekonomiko eta industriala dela Euskadirentzat, eta ETEen papera aldarrikatu du, esanez “gure ETEak defendatzea ez dela tamainaren kontua, herri ikuspegiaren kontua baizik”.
Basque Health Clusterren zuzendari nagusiak bioosasuna Euskadiren etorkizuneko estrategien erdigunean kokatzeko beharra ere azpimarratu du, gogoraraziz “osasuna industria, enplegu kualifikatua, berrikuntza, esportazioa, inbertsio-erakarpena eta lehiakortasuna” dela, ongizatea eta gizarte-aurrerapena sortzeaz gain.
Bestalde, Asier Albizuk euskal osasun-ekosistema indartzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, enpresen, osasun-sistemaren, ezagutza-zentroen eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez. Basque Health Clusterren presidenteak defendatu du Euskadik beharrezko aktiboak dituela osasun-berrikuntzan erreferente bihurtzeko, bere gaitasun zientifiko, teknologiko eta industrialari esker, eta Osasun Sailarekin duen hurbiltasuna eta lankidetza aprobetxatu behar direla sektorearen erronkei erantzuteko.
Albizuk, era berean, osasun-teknologietarako laguntza-lerro espezifikoak mantendu eta indartzearen garrantzia nabarmendu du, bereziki balidazio klinikoarekin eta ebidentzia sortzearekin lotutakoak, “berrikuntzaren eta osasun-sisteman duen benetako aplikazioaren arteko distantzia laburtzeko funtsezko palankak” direla adieraziz.
Halaber, enpresek datu klinikoetara sarbidea eta horien bigarren mailako erabilera errazteko esparru baten alde egin du, balioa sortuz bai enpresa-sarearentzat bai osasun-sistemarentzat.
Gainera, hurbileko berrikuntza sustatuko duen erosketa publiko estrategikoa defendatu du, Euskadiren autonomia estrategikoa indartu eta osasunean egindako inbertsioen itzulkin ekonomiko, teknologiko eta soziala maximizatzeko. Testuinguru horretan, elkartegintzaren eta klusterren papera nabarmendu du, eragileen arteko lankidetza egituratzeko eta dauden gaitasunak gizartearentzat eragin positiboa duten proiektu bihurtzeko tresna gisa.
Aritz Uriarte Fuertesek euskal osasun-ekosistemaren sendotasuna eta Basque Health Clusterrek enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen, osasun-erakundeen eta instituzioen arteko topagune eta lankidetza-gune gisa betetzen duen eginkizuna azpimarratu ditu.
Sailburuordeak nabarmendu du osasuna Euskadiren ongizaterako eta lehiakortasunerako zutabe estrategikoetako bat dela, Europako berrikuntza eta garapen arloko lehentasunekin guztiz lerrokatuta.
Uriartek azpimarratu du lankidetza publiko-pribatuan eta erakundeen arteko lankidetzan sakontzen jarraitu behar dela sektorearen erronka nagusiei aurre egiteko, eta Euskal Osasun Ituna bezalako ekimenak aipatu ditu osasun-sistema indartzera bideratutako eraikuntza kolektiboaren adibide gisa.
Era berean, Euskadik dagoeneko dituen gaitasunak nabarmendu ditu adimen artifizialean, medikuntza pertsonalizatuan eta terapia aurreratuetan, datozen urteetan osasun-arreta eraldatzeko deituta dauden arloak baitira.
Deep Tech eta bizi-zientziak: aukera estrategikoa
Jardunaldiko hitzaldi nagusia Antonio Lópezek, SILO Companyko kontseilari delegatu eta CEOak, eskaini du, “Deep Tech eta bizi-zientziak: aukera estrategikoa Euskadirentzat” izenburupean.
Bere hitzaldian, Lopezek defendatu du industria-politikak berriro ere zeregin nagusia hartu duela gaur egungo testuinguru geopolitiko eta teknologikoan, eta Deep Tech teknologien aldeko apustua aukera handienetako bat dela gaitasun zientifiko, teknologiko eta industrial sendoak dituzten lurraldeentzat.
Halaber, Europak oraindik ere duen erronka nagusietako bat ezagutza eta ikerketa enpresa eskalagarri eta eragin ekonomikoa sortzeko gai diren proiektu bihurtzeko zailtasuna dela adierazi du.
Testuinguru horretan, nabarmendu du Euskadik abiapuntu bereziki ona duela bere industria-sare sendoari, ekosistema zientifiko-teknologikoari, I+Gko inbertsioan duen lidergoari, berrikuntzarako tresna aurreratuei eta lankidetza publiko-pribatuaren kultura sendoari esker.
SILOko CEOak, gainera, transferentzia teknologikoa indartzeko, startup eta scale-upentzat finantzaketa espezializatua errazteko, inbertsio-funts espezializatuak erakartzeko eta ezagutza aukera ekonomiko eta enpresarial berrietan bihurtzeko gaitasun estrategikoak sendotzeko beharra azpimarratu du.
Ondoren, Antonio Lópezek eta Asier Albizuk elkarrizketa ireki bat izan dute, Euskadik berrikuntza eta teknologiaren nazioarteko eszenatoki berrian izan dezakeen paperari buruz hausnartzeko.
Elkarrizketan, biek adierazi dute Euskadik aktibo bereizgarriak dituela osasun-berrikuntzan Europako erreferente izateko, baina horretarako beharrezkoa izango dela enpresen, ezagutza-zentroen, osasun-sistemaren eta erakundeen arteko lankidetza indartzen jarraitzea.
Era berean, inbertsioa, talentua eta eragin handiko proiektuak erakartzeko baldintzak sortzearen garrantzia azpimarratu da, baita Basque Health Cluster bezalako erakundeek gaitasunak konektatzeko, lankidetza-proiektuak sustatzeko eta euskal osasun-ekosistema nazioartean kokatzeko duten papera ere.
Amaiera instituzionala
Amaiera instituzionala Unai Andueza Iraetak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, egin du.
Anduezak Basque Health Cluster zoriondu du osasunaren euskal ekosistema dinamizatzeko egindako lanagatik, eta lankidetzaren balioa nabarmendu du, egungo erronka ekonomiko eta teknologikoei aurre egiteko Euskadiren faktore bereizgarri nagusietako bat baita. Era berean, biozientzien eta osasunaren sektorearen garrantzi estrategikoa azpimarratu du, ez bakarrik pertsonen ongizatean duen inpaktuagatik, baita garapen ekonomikoari, kalitatezko enplegua sortzeari eta balio erantsi handiko jarduera sortzeari egiten dion ekarpenagatik ere.
Diputatuak Gipuzkoak biozientzien arloan izandako bilakaeraren balioa azpimarratu du, eta nabarmentzekoak dira I+Gko inbertsioaren hazkundea, sektorearen dinamismo ekintzailea eta ezagutzan eta espezializazioan oinarritutako jarduera ekonomiko berriak bultzatzeko apustu instituzionala. Ildo horretan, adierazi du Euskadik balio teknologiko eta industrial handiko eremuen aldeko apustua egiten jarraitu behar duela, nazioartean duen posizionamendua indartzeko eta lurraldearentzat garapen aukera berriak sortzeko.
Jardunaldia networking gune batekin amaitu da, ekosistemako eragileen arteko harremanak sendotzeko, lankidetza-aukerak sortzeko eta esperientziak partekatzeko aukera emanez.
Topaketak ehun ordezkari baino gehiago bildu ditu enpresetatik, osasun-erakundeetatik, zentro teknologikoetatik, unibertsitateetatik eta instituzioetatik, eta beste urte batez sendotu da Euskadiko bioosasun-ekosistemaren topagune nagusi gisa eta sektorearentzat berrikuntza, lehiakortasuna eta aukera berriak sustatzeko funtsezko espazio gisa.
