Basque Health Cluster osasun-sektoreari zuzendutako zibersegurtasun jardunaldi praktiko baten antolaketan parte hartu du, SPRIk sustatutako ekimen baten baitan eta ZIUR (Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa), Cybasque eta euskal ekosistemako beste eragile batzuekin elkarlanean.

“Zibersegurtasuna osasunaren diseinuan: NIS2, CRA eta MDR araudien integrazioa” izenburupean egin den jardunaldiak enpresak eta profesionalak bildu ditu, osasunaren arloan zibersegurtasunarekin lotutako Europako araudi berriak dakartzan erronka nagusiak aztertzeko.

Topaketan zehar, NIS2 Zuzentarauaren, Cyber Resilience Act (CRA) araudiaren eta Medical Device Regulation (MDR) araudiaren ondorioak landu dira. Araudi horiek gero eta garrantzi handiagoa dute osasunaren sektorean, datuen, sistemen eta gailu konektatuen segurtasuna bermatzeko.

Programa ikuspegi praktiko batekin diseinatu da, eta bertan parte hartu dute Olatz Vidaurrazagak eta Jon Churrucak (SPRI), Andoni Garcíak (Seinale), María Penillak (ZIUR), Ander Galisteok (Cybertix), Daniel Aguirrek (Cybasque) eta Mikel Eigurenek eta Victoria Fernández de Trocónizek (IDOM).

Saioan zehar hainbat gai jorratu dira: araudiaren aplikagarritasuna eta ez-betetzearen ondorioak, CRAren zibersegurtasun-esparruaren ikuspegia, egokitzapen-proiektuen adibide praktikoak, baita SPRIk eta ZIURek eskaintzen dituzten laguntza-programak eta zerbitzuak ere. Horrez gain, zibersegurtasunaren etengabeko hobekuntzara bideratutako ekimenak aurkeztu dira, hala nola rating-ereduak eta ezagutza-komunitateak.

Jardunaldiak esperientziak partekatzeko, zalantzak argitzeko eta araudi berrietara egokitzeko ikuspegi praktikoa eskaintzeko aukera eman du. Era berean, lankidetza publiko-pribatuaren eta sareko lanaren garrantzia nabarmendu du, osasun-ekosistema seguruago, erresilienteago eta lehiakorrago bat eraikitzeko.

Basque Health Clusterretik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten pertsona guztiei eta ekimena posible egin duten erakundeei, sektorea zibersegurtasunaren egungo eta etorkizuneko erronketarako prestatzen laguntzeagatik.